XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HERRIKO PLAZA, BAIONAKO POSTETXEKO AZKENA, GUTUNAK ARABARA? ARABIARA!

Hona berrikitan postetxeak gibelera itzuli digun paketa:

Ez genuen uste gaurregun holakorik gerta zitekeenik.

Paketa hau martxoaren 8an igorria izan genuen, GASTEIZ-VITORIA ARABA indikazioak ezarriz, arazorik sortuko ez zelakoan.

Eta ez, badago oraino Baionako postetxean (txeke bat euskaraz idatzia izaiteagatik lehenik errefusatu eta, azkenean, bortxaz onartu diguten toki hortan berean), ARABA irakurri eta letra ARABIA SAUDITA-ra igortzen duenik!!! Bistan dena, BERRI, EUSKO, hauek aipatzeagatik bakarrik, Arabiako kontsonantzi edo doinu batuak eta garbiak dituzte.

Holakorik berriz gerta ez dadin, eskatzen dugu:.

- Luis Alberto ARANBERRI jaunak ofizialki ezezta dezala oporrak Arabia Sauditan iragaiten dituenik.

- Eusko Gobernuak Duque de Wellington kalearen izena kanbia dezala.

- edo,(hobe), Eusko Gobernuak hiri nagusia Arabatik kanpo ezar dezala, Iruinean esate baterako...,

- Baionako postetxeko zuzendariak DAMMAN-ekoari (letra berriz bidali diguten herria) barkamenak eska diezaizkion, hango funtzionarioen artean letrak sortutako kalapitengatik (pentsa heien harridura!).

Irrialdia iragan eta, holako gertakariek erantzun garbiak merezi dituzte: administrazioa ez da elebiduna, administrazioa gutaz futitzen da.

Beraz gero eta gehiago emendatu behar ditugu euskarazko idazki eta ekintzak: txekeak, letra azalak, edozein administraziori, ahoz nahiz idatziz, euskaraz xuxenduz...

Eta jende horiek, administrazioa, euskararen onartzera, euskararen aldeko medioen hartzera bortxatu.

Iparraldeko GAU ESKOLAK - AEK.